COREren helburu orokorra da POCTEFA espazioko ETEen berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatzen laguntzea, zehazki espazio horretako txikizkako merkataritza ETEen berrikuntza eta lehiakortasuna sustatuz.
Txikizkako merkataritza-sektoreak garrantzi handia du CORE proiektuko 8 kide eta 3 kolaboratzaileen lurraldeetan. Zehazki, 51.000 ETE eta 300.000 lanpostu dira, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Teruel, Katalunia eta Frantziako Bearno-Pirinio Atlantikoak eta Tolosa-Garona Garaia eskualdeetako herri eta hirietan. Horietan, negozio horiek, funtzio ekonomikoaz gain, funtzio sozial eta kulturala eta hiri-ordenamendukoa ere betetzen dute, garrantzi handikoa. Bizirik dagoen tokiko merkataritza dugu, eta bizi ditugun garaiek digitalizazio-tresnak ausardiaz ezartzeko eskatzen diete horiei, lehiakortasuna handitu ahal izateko.
Testuinguru horretan, CORE proiektu europarrak competitive retail (merkataritza lehiakorra, ingelesez) hitzak ekartzen ditu gogora. Ekimenak aldaketa digital pertsonalizatuan laguntzeko sistema bat plantzeatzen du, betiere denda bakoitzak duen teknologia-heldutasun mailaren arabera.
Horretarako, merkataritzako profesionalak I+G+b espezialistekin elkartu nahi dira, laguntza teknologikoa eman diezaieten, kudeaketa hobetu eta ikusgarritasuna eta salmentak handitzea helburu. Azken batean, merkataritzako bioaniztasuna mantentzen lagundu nahi da, eta tokiko merkataritzaren desagerpena ekidin, banaketa-kate handien aurrean.
CORE proiektua, 1.257.361 €-ko aurrekontuarekin, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du hein batean (% 65), Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Laguntzaren xedea da mugaz haraindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako jarduerak garatzea, hiru herrialdeetan elkarrekin gauzatuta lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategiak.
Helburu orokorrak
Berariazko helburuak
Proiektuaren gobernantza
CORE proiektua entitate-soslai ezberdinek osatzen dute: Merkatarien elkarte/federazioak, Udalak, Merkataritza Ganberak eta teknologia-zentroak.
Soslaietako bakoitzak behar bati erantzuten dio proiektuaren barnean. Merkataritza txikiaren beharrak ezagutzea eta COREren azken onuradunekin zuzeneko harremana edukitzea, horren ardura merkatarien elkarte edo federazioena da, eta horiek, Udalekin elkarlanean, aholkularitza eta finantzazioa eskaintzen diote merkataritza txikiari. Frantzian, Merkataritza Ganberek hartzen dute lan hori.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioa (GMF), proiektuaren buru den heinean, proiektuaren jarduera guztiak koordinatuko ditu, helburu hartuta merkataritza txikiaren digitalizazioa, geruzaz geruza. Honela, tresna teknologikoak merkataritza txikiaren jardueretara sartzea lortu nahi da, hala bezero zein hornitzaileekin duten harremanetan nola negozioaren barne-kudeaketan.
Elkarteek eta federazioek, merkataritza ganberekin batera, eginen dute zuzeneko lana digitalizazio-maila handitu nahi duten merkatariekin. Horretarako banakako tutoretzak eginen dituzte parte hartzen duten saltoki txiki bakoitzarekin (600 saltoki baino gehiago izanen dira zuzeneko onuradun), bi zentro teknologikoek proiekturako neurrira diseinatutako autoebaluazio-plataforma batean oinarrituta.